Komunikazio plana eskoletan

Ikastetxe, ikastola eta formakuntza zentroek, behar dute komunikazio plan bat?

Komunikazio plana eskoletanGogotik egiten dute lan eskolaz kanpoko zerbitzuak eskaini, hezkuntza eredurik hoberena ezarri, prestatutako irakasleak ekarri, gurasoez arduratu, proiektu handinahiak abiatu, ikasle-trukaketa sustatu eta beste hainbat eta hainbat lan aurrera ateratzeko. Baina egiten duten guztia komunikatzen duten galdetutakoan, erantzuna honakoa izan ohi da: “Eta hori, nola egiten da?”

Hezkuntzaren sektoreak marketin eta komunikazio arauak bereganatu gabe jarraitzen du. Alabaina, enpresa batek bere produktua saltzen duen modu berean, hezkuntza zentroek beren burua saldu behar dute matrikula kopurua mantendu edo igo nahi badute.

Matrikulazio epeak zabaltzen direnean hasten dira dardarak. Jaiotza tasak behera egin duela, instalazioak ez direla egokienak, langabezian dauden gurasoek haurtzaindegitik haurrak atera dituztela… Testuinguruak aldatzen doaz eta eskola baten marketin planik hoberenak ere ez du haurdunaldiak ugaltzeko ahalmenik.

Gehiengo batek azken batean seme-alaben eskola arrazoi praktikoengatik aukeratzen du. Kokapenagatik eta haurtzaindegi zerbitzua eskaintzen duelako, buelta gehiegirik eman gabe gaia serioa izan arren. Ez dira asko izaten hezkuntza eskaintzan sakontzen dutenak, ohiko informazio bileretan edo ate ireki saioetan azaltzen dutenetik haratago joanez. Hori bai, zuzena ala okerra, guztiek izaten dute aldez aurretik eskolari buruzko ideia edo iritzia.

Aurrez duten ideia edo iritzi hori erreala den jakitean datza erronka eta horrela ez bada, non dagoen haustura. Ikastetxe, ikastola edo formakuntza zentro batek komunikazio estrategiarik ez badu martxan jartzen eta ez badu komunikatzen, besteak izango dira bere irudia eraikiko dutenak eta seguruenik irudi hori eta zentroak nahiko lukeena ez dira bat etorriko.

Komunikazioa emaitzak ematen dituen baliabidea da baina ezinbestekoa da ondo kudeatzea.

Hor daude komunikabideak, web guneetako berrien atalak, buletinak erraz bidaltzeko aukerak, sare sozialak… Bideak badaude markari buruz pertzepzio positiboa sortuko duen irudi korporatiboa eraikitzen joateko. Eta bai, ikastetxeak, ikastolak eta formakuntza zentroak marka dira. Euren marka korporatiboa eta baloreak indartu behar dituzte, ikaslerik galdu nahi ez badute. Noski, ondo garatutako estrategia batekin.

Irudi korporatiboa eraikitzea ez da egun bateko kontua eta emaitzak ez dira bapatean iristen. Etengabeko lana da baina ez da komeni alde batera uztea eta horretarako aholkularitza behar da. Horretarako gaude.

Tags:
Ez dago iruzkinik

Iruzkin bat argitaratu