Goierri Eskolaren 50 urteotako lorratza

Acto del 50 aniversario de Goierri Eskola

Goierri Eskolak 50 urte bete ditu. Ospatzeko eta, batik bat, urte guzti hauetan bere alde lan egin duten guztiak omentzeko, ekitaldi xume eta hunkigarri bat antolatu dugu.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, Goierrin ezagunak diren hainbat eta hainbat lagun bildu dira. Udaletako eta enpresetako ordezkariak, ikasleak, irakasleak… direnak eta izandakoak. Anfitrioi lanetan ibili dira Iñaki Zabalo, Goierri Eskolako zuzendaria, eta Igor Eguren, Goierri Fundazioaren lehendakaria.

Juan Maria Aburto sailburua, Iñaki Zabalo Goierri Eskolaren zuzendaria, Iñigo Urkullu lehendakaria, Igor Eguren Goierri Fundazioko presidentea eta Xanti Iruretagoiena eskolako kanpo-harremanetako arduraduna.
Juan Maria Aburto sailburua, Iñaki Zabalo Goierri Eskolaren zuzendaria, Iñigo Urkullu lehendakaria, Igor Eguren Goierri Fundazioko presidentea eta Xanti Iruretagoiena eskolako kanpo-harremanetako arduraduna.

Aretoa goraino beteta, errepasu ederra eman diote eskolaren ibilbideari.

Edu Muruamendiaraz koreografoak zuzentzen duen Aukeran Dantza Konpainiak gozatu du ekitaldia eta Joxe Felipe Auzmendi aritu da aurkezle lanetan, gogora bailarako hainbat pasadizu ekarri dizkigularik.

Ospatzea zegokion eta halaxe egin da.

Ez da gutxiagorako. Garai zailetan atera zuten eskola aurrera. Bere txikitasunean, Goierrik handitasunez jokatzen jakin baitu.

Ondo bestelako garaiak ziren haiek.

TVEn irudiak gaitzesteko erabiltzen zituzten erronboen garaiak ziren, lehenengo Ducados zigarroak saltzen hasi zirenekoak; NO-DOarenak, Beatles-ak arrakastaren gailurra ukitzen eta Seiscientos mitikoa kaleetan ikusten hasi zirenekoak.

Gerraostea urrutiratzen zihoan heinean, loraldi bat somatzen hasi zen.

60ko hamarkadan sartu berri, Espainian Massielek “la-la-la” abestu aurretik, eta hemen, Euskal Herrian, Jorge Oteizak Ez dok Amairu kultur mugimendua artean bataiatzeke zuela, Goierrin, “aukera berdintasunaz” hitz egiten hasi zen. Horixe zuten buruan Goierri Lanbide Heziketako eskola martxan jartzerakoan. Hala nahi zuen orok formakuntzarako aukera izan zezala. Industria hazten ari zen eta eskulan kualifikatua eskatzen zuen.

Beharrak behar, 98 ikaslek egin zuten matrikula 1963an CAFek zuen “Escuela de Aprendices”en. Baina denek zekiten eskola berrirako eman zutela izena. Madrilgo ministerioren diru-laguntza jasotzeko CAFen eskolak bere eskubideak utzi zizkion orain Goierri Eskola denari martxan jartzeko.

Elkarlanaren emaitza da Goierri Eskola, “herritik sortua”, gaurko ekitaldian Iñaki Zabalo zuzendariak esan duen moduan.

Eskolaren alde lana egin duten guztien omenez, oroigarri bat entregatu dio Iñaki Zabalok Igor Egureni. Horra oroigarriak zeraman bertsoa:

guraso, ikasle, langile, jabe,

irakasle… zer harrobi!

hura, hori, hau, haiek eta zu

zuek, hi eta berori…

etorkizuna eraikitzeko

izan zenuten sen hori,

denon eskura jartzeagatik

eskerrik asko denori

Bertsolari ezaguna eta Goierri Eskolako irakaslea den Imanol Muruak idatzi ditu egia galanta adierazten duten hitz hauek.

Harrobiari eusteko etorkizunean ere elkarlana ezinbestekoa izango dela berretsi dute behin eta berriz arduradunek.

Gaur egin den antzerako argazkia egiteko beste mende laurden bat bederen itxaron beharko dugu.

Ekitaldia antolatzea tokatu zaigun aldetik, eskerrik asko lagundu diguzuen guztioi.

Goierri Eskola. Acto 50 aniversario

goierri_adaki002

goierri_adaki003

 

Utzi iruzkina

Lagun zaitzakegu?

Zure marka bultzatu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan.

Jarri gurekin harremanetan