“Zubimusu naiz!” edo nola landu ikastola baten branding-a

 

LONA_1652

Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren irudi korporatiboa aurkeztu berri dugu. Jesusen Bihotza Ikastola zena Zubimusu Ikastola da orain. Kooperatiba bihurtu da eta Ikastolen Elkarteko kide egin da.

Nola eman ezagutzera zentroaren izena eta irudi berria? Nola landu ikastolaren branding-a?

Duela egun batzuk izan den ekimen alai eta koloretsuarekin eman diogu erantzuna.

Egindako lehenengo hausnarketa izan zen: Ikastola kalera atera behar dugu! Eta irizpide horrekin diseinatu genuen kanpaina.

Zizurkilgo Ikastolatik atera eta kalejira egitea proposatu genien. Txaranga eta Argitxo, Ikastolako maskota, bidelagun, partaideak Ikastolako kamisetak soinean eta puxikak eskuetan zituztela, Villabonako Malkar plazaraino jarri zen ibilbidea. Tartean, argazki erraldoiak. Zubimusu Zubian, besteak beste, logotipoaren irudiarekin lona bat zintzilikatu genuen.

Zubi2014-11-29_4529

Zubi2014-11-29_4522

Plazan, Egoitz Ezkerrak garatu duen logotipoa eraiki zen kartoizko kaxekin. Aurrez ikasleek margotutako kaxak erabili ziren eta Argitxo tarteko, photocall-gune bihurtu genuen.

Zubi2014-11-29_4592

Plazan, palomitak eta pintxoak banatu ziren, Ikastolari katering zerbitzua ematen dion Askora enpresarekin elkarlanean. Sekulako arrakasta izan zuen palomita makinak!

Gure erronketako bat zen ikasle, irakasle eta gurasoen parte-hartzea, inplikazioa, nola sustatu.

Ekintza plan bat diseinatu genuen. Eta ikasleei eman genien garapenaren parte handi batean protagonismoa. Horrela, hasieratik proiektua begi onez ikustea lortu genuen. Ikasleen konplizitatea geureganatzea, alegia. Horrela gurasoengana iristeko bidea ere leundu zitzaigun.

KUTXAK_IMGP5041

Edonola ere, gurasoentzat dosier bat prestatu genuen “Zubimusu naiz!” ekimenaren nondik norakoak xehetasunez azalduz eta parte hartzera gonbitea luzatuz.

Ekitaldi nagusia baino bizpahiru egun lehenago, DBHko ikasleek ikastola kanpoan haurrei itxaroten zeuden gurasoei eskura gonbitea luzatu zieten. Aurrez ikasleek eginiko lan guztia ere argazkitan jaso zen eta kartelak zintzilikatu ziren irudiekin ikastolaren hiru eraikinetan. Giroa piztuta zegoen!

Eta gurasoen inplikazioa bermatuta. Zizurkilgo Ikastolako gurasoek kafea eta bizkotxoak eramango zituztela aurreratu zuten. Ekitaldiaren egunean, denak lanerako eta laguntzeko prest zeuden goizean goiz

Zubi2014-11-29_4374

Zubi2014-11-29_4580

Gauza txikiekin ere batzuetan asko lor daiteke.

Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, helburuak betetzea lortu zen ekitaldi xume honekin. Identitate berria aurkeztea, Ikastola kalera ateratzea herritarren begietara, guraso, ikasle eta irakasleak parte hartzea, Ikastolaren parte sentitzea…

Gainera, bikain pasa genuen guztiok!

Hala ere, edozein ekintza antolatzeak planifikazio zorrotza eskatzen du eta ezustekoak beti suertatzen dira. Erabakiak hartzen eta komunikatzen jakin behar da. Ondorengo urratsak edozein plangintzatan sartu beharrekoak dira:

-Ekintza nagusia definitu

-Abantailak eta desabantailak mahaigaineratu

-Baliabideak eta aurrekontua aztertu

-Lan plangintza adostu

-Materiala prestatu

-Hornitzaileekin harremanetan jarri

-Lan taldeak osatu

-Modu eraginkorrean komunikatu

-Komunikabideen presentzia bermatu

-Prozesu osoan zehar kontrola eraman

-Amaitutakoan, emaitzak baloratu eta neurtu

 

Utzi iruzkina

Lagun zaitzakegu?

Zure marka bultzatu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan.

Jarri gurekin harremanetan