Eska dezakezu jada “.eus” domeinua

Bai. Iritsi da. Dagoeneko zabalik da “.eus” domeinuaren erregistroa egiteko aukera. Lehenengo epe honetan lehentasuna izango dute erakunde publikoek, elkarteek eta enpresek. Helburua da domeinuak babestea eta inor ez jabetzea ez dagokion izen batez.

Lehenengo fasea azaroaren 18ra arte luzatuko da. Data horretatik aurrera, eskuragarri geratzen diren domeinu-izenak eskuratu ahal izango dira.

Abiarazte aldian erregistraturiko domeinuak abenduaren 3an jarriko dira martxan, Euskararen Egunean. PuntuEus Fundazioak, domeinuak administratu eta kudeatzen dituenak, egun sinbolikoa aukeratu du lehengo “.eus”ak aktibatzeko.

Irabazi asmorik gabeko PuntuEus Fundazioak urte amaierarako 2000 domeinu izen berri erabilgarri izatea aurreikusten du.

Captura de pantalla 2014-09-19 a la(s) 09.48.01

 

“.eus” erabili ahal izateko baldintza bakarra da, domeinuak.eus web gunean agertzen den legez, “edukien zati bat euskaraz egotea, nahiz eta beste hizkuntza batzuetan ere egon daitekeen. Bestetik, euskarazko edukirik ez dagoen kasuetan, euskal kulturarekin loturiko edukiak izan beharko dute”.

Zenbat kostatzen da “.eus” domeinua?

Aukeratutako erregistradorearen arabera prezio bat edo beste bat izango du. Erregistradoreak dira -urteko kuota baten truke, interneteko dominioak saltzen dituzten enpresak- prezioak ezartzen dituztenak. Eskaintzen dituzten gainerako zerbitzuen arabera, eskaintza ezberdinen artean aukeratu beharko du bezeroak. Komenigarria da eskaintza ezberdinak aztertzea bat aukeratu aurretik.

Domeinuak.eus web gunean bertan agertzen dira baimendutako erregistradoreak eta zer eskaintzen duten. Bat aukeratzerakoan ikusi behar da DNS zerbitzua duten, zenbat helbide elektronikok eraman dezaketen “.eus”, e.a.

90,95 eurotik hasita eman daiteke alta urtebeterako.

“.eus” domeinua nahi baduzu baina ez badakizu nondik hasi, deituiguzu.