Balore estrategikoak nola indartu edukiak sortuz

Iaz ospatu zuen Goierri Eskolak 50. urteurrena. Goierri Fundazioak kudeatzen du zentroa, hau da, bailarako 18 udalek eta berrogeitaka enpresek osaturiko erakundeak. Inguruko enpresek jende prestatua izan zezaten sortu zen. Eta aldi berean, goierritarrek inguruko enpresetan lana izan zezaten. Orduko konpromisoak indarrean jarraitzen du, indar izpirik galdu gabe.

Eskutik joan dira, beraz, enpresak, udal erakundeak eta eskola, bailararen garapenaren historian protagonismoa partekatuz. Eredugarria da eragileak batu eta denak jomuga bat izatea.

Ideia hori indartzeko eta eskola eta “patrono”en arteko harremana ikusarazteko eta balioan jartzeko, Adakin Goierri Eskolaren prentsa kabineteaz arduratzen garenez, proposamen bat luzatu genien arduradunei: hilero patronoen ordezkari bati elkarrizketa zabal bat egitea eskolaren webgunean argitaratzeko.

Ekimen honen helburua estrategikoa da, izan ere, eskolaren birtuteetako bat betidanik izan da enpresekiko duen gertutasuna, horrek ikasleei eskaintzen dizkien aukera guztiekin. Elkarrizketa hauen argitalpena, Goierri Eskolaren irudi korporatiboa indartzeko modu bat da, zentroaren oinarrizko baloreetako bat indarberritzeko bide bat, alegia.

Eta bide batez, webgunea bisitatzen duen ororen moduan, eskolako ikasleek badute aukera inguruko enpresek zer eta nola egiten duten hobeto ezagutzeko.

Behar bezalako edukiak sortzearen beharra begi bistan uzten du adibide honek.

Momentuz, bi elkarrizketa argitaratu dira Goierri Eskolaren webgunean, “Patronoekin solasean” atalean. Lehenengo elkarrizketa Leire Colomori egin genion, AMPO balbulagintzako Berrikuntza arduradunari. Bigarrena, berriz, Orkli S.Coop-eko presidente José Luis Pérezi. Piskanaka udal edo beste enpresa-patronoetako ordezkari guztiak elkarrizketatzen joango gara.

colomo-eus
Goierri Eskolako webgunaren homean iragartzen dira elkarrizketak. Kasu honetan, AMPOko berrikuntza arduraduna den Leire Colomori egindakoa.

 

orkli eusk
Orkliko lehendakariari, José Luis Pérezi, egin diogu “Patronoekin solasean” ataleko bigarren elkarrizketa.

Edukiak nola optimizatu

Noski, edukiak optimizatzeko bideak jarri behar dira, webguneko berezko trafikoa areagotuz. Besteak beste, Goierri Eskolak egiten duen moduan, ideia ona da edukiak newsletter bidez zabaltzea. Hori bai, hau egin ahal izateko, webgunean buletinera inskribatzeko aukera eskaini behar da eta datu basea osatzen joan. Horrela, erabiltzaileak bere mailean jasoko du elkarrizketaren berri eta linka klikatu beste ezer ez du egin beharrik izango edukia ikusteko.

Halaber, sare sozialak erabiliz gero zabaltzeko, are eta hobe.