Komunikazio bulegoak Udaletan, zergatik eta zertarako?

Kazetari batek udaletxe batetara deitzen badu komunikazio sailari buruz galdezka, litekeena da telefonoa hartzen duena isilik geratzea edo deia arduradunari pasatzea zuzenean.

Deskribatu berri dugun egoera nahiko ohikoa da.

Egia da ez dela gauza bera hiri bateko edo 1.000 biztanleko herri baten beharrizanak komunikatzea. Baina taimana gorabehera, guztiek dute eta izango dute komunikatzeko beharra. Eta komunikatzen jakiteko beharra.

Ikerketa batzuek ondorioztatzen duten moduan, erakunde askok ez dute jendartearekin partekatu nahi duten mezu argirik. Datuak deigarriak dira. Duela 10 urte Joxe Larrañaga EHUko ikerlariak azpimarratu zuen bezala, 50.000 biztanleko hiri askok ez zuten komunikazio profesionalik kontratatu. 10.000 eta 30.000 biztanle bitarteko herrietan, arduradun askok ez zuten inor ere kontratatzeko beharrik aurreikusten. Kultur teknikaria arduratzen zen horretaz zuzenean.

10 urte pasatu dira eta oraindik asko dago egiteke.

Gaurko sarrera honetan, hortaz, etxeko lan horiek egin ez dituzten udaletxeen komunikazio-beharrei erreparatuko diegu. Edo oraindik latzena dena: komunikazio planik ez izatea eta ezta estrategia argirik ere.

Euskadin, udaletxe asko jabetu dira beharrizan horretaz eta badute sare sozialen kudeaketaz eta komunikabide eta gizartearekin harremanak eragiteaz arduratzen den komunikazio teknikari bat. Gainontzekoek, ezjakintasuna medio eta urte askoren inertziaren poderioz, oraindik ez dute urrats erabakior hori eman.

Udaletxe batek gizarteak nola hautematen duen dakienean eta bere  helburuak ezagutzen dituenean, orduantxe jakingo du nola komunikatu. Horretarako diagonostiko zehatz bat eduki beharko du. Eta komunikazio plan bat.

Ez gara sare sozialei bakarrik hitz egiten edo-eta webguneetan albisteak eguneratzeaz ari. Komunikazio jarduerek egonkorragoak izan behar dute: hiritarrekin elkarreragiten jakin; barne komunikazioa sustatu eta irudi dinamiko eta gertukoa proiektatu, besteak beste.

Garrantzitsua da, hortaz, komunikazioaz arduratzen den norbait izatea? Adakiko lagunok argi dugu beharrezkoa dela komunikazio koherente eta estrategikoa izatea. Pertsonalizatua eta profesionala. Udaletxeen beharrizanez arduratzen den profesional bat ondoan izatea; estrategia errealista bat duena.

Komunikazio bulegoak lehenengo pausuak Katalunian ematen hasi ziren 70eko hamarkadan, duela ia 50 urte. Harrezkeroztik, komunikazio munduak iraultza nabarmena jasan du. Hori dela eta, enpresa askok euren estrategia berbideratzeko premia aurreikusi dute.  Izan ere, komunikazioa ez da luxuzko tresna bat, beharrizan bat baizik. Komunikatzen jakiteko, elkar eragiteko, norbere burua hobeto ezagutzeko; eta besteak hobeto ezagutzeko balio diguna.

Kazetariari jaramon egin diogun sentsaziotik haratago.