Nafarroako gobernuak diru-laguntzak emango ditu web guneak eta merkataritza elektronikoa garatzeko

Nafarroako Gobernuak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) garatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du. Maitzaren 22etik ekainaren 21era egin ahalko dira eskaerak.

Diru-laguntzak mikroenpresei, enpresa txikiei eta enpresa elkarteei zuzenduta daude eta ondorengo ekintzak finantzatuko dira:

  • Web gune berriaren garapena
  • Web gunearen eguneraketa
  • Merkataritza elektronikoa
  • Merkataritza elektronikoaren integrazioa Enpresa Baliabideen Plangintzan (ERP)
  • Lainoko zerbitzuak

Web gunearen garapena edo eguneraketa mikroenpresei edo enpresa elkarteei zuzenduta daude. Gainontzeko ekintzak, aldiz, mikroenpresei eta enpresa txikiei.

Diru-laguntzak %40tik %60ra artekoak izan daitezke. Altuenak merkataritza elektronikoari dagozkionak dira. Kasu horretan, laguntza %60koa da, nahiz eta gehienez 3.600 euro jasoko lituzkeen onuradunak. Enpresa Baliabideen Plangintzan merkataritza elektronikoa integratzeagatik, laguntzaren portzentaia berdina da, baina gehienezko kopurua 2.400 eurora jaisten da.

Web gune berria egiteagatik, berriz, %50eko laguntza emango da, gehienezko kopurua 1.500 eurokoa izanik. Web gune eguneratzeagatik, 1.000 euro emango dira gehienez proiektuko edo %40ko diru-laguntza.

Azkenik, lainoko zerbitzuengatik ere %50ekoa izango da laguntza, eta onuradunek gehienez 2.000 euro jasoko dituzte.

Diruz lagundutako gastuak egiteko epea 2015eko urtarrilaren 1etik urriaren 20ra artekoa da.

Informazio gehiago Nafarroako Gobernuaren web gunean eskura daiteke. Baita 948 013 555 telefonora deituta edo soporte.tecnico.hacienda@cfnavarra.es helbidera idatzita.