ADAKI Komunikazioa saritua izan da SaludFestival lehiaketan

Adaki Komunikazioa agentzia saritua izan da, Begisare elkartearen Ikusmen Murriztua Dut kanpainarako garatu duen Ikusmen Murriztua dut VR sakelakorako aplikazioagatik eta haren baitako publizitate kanpainagatik. Fundación Mundo Ciudad erakundeak bultzatutako sariketa da SaludFestival. Publizitateak osasunaren, elikaduraren eta ongizatearen alorrean duen garrantzia azpimarratzea da sariketaren helburua. Mundo Ciudad erakundeak bi ataletan saritu du Adaki Komunikazioa: sakelakorako garatutako aplikaziorik onenaren eta publizitate diseinurik onenaren ataletan.

Erretinosi pigmentarioak Gipuzkoan eragindakoen Begisare elkarteak sortutako Ikusmen Murriztua Dut bereizgarriaren inguruan, gizartea sentsibilizatzea eta gaixotasun hori duten pertsonek euren burua gizartearen begietara identifikatzeko tresna bat da Ikusmen Murriztua dut VR aplikazioa. Sektore honetako lehena da, eta Euskadin egina da bere osotasunean. Smartphone baten kameraren bidez eta errealitate birtualeko betaurreko batzuk erabiliz, hainbat filtrok sintoma ezberdinak simulatzen ditu: tunel itxurako ikusmena, erdigunea ikusteko ahalmenaren galera, fotofobia, ikusmen partxeatua… Adaki Komunikazioak garatutako aplikazioak ikusmen urritasuna duten pertsonek haien egunerokotasuna nolakoa den eta mundua denbora errealean nola ikusten duten irudikatzen du.

Sakelako aplikazioak gizarteko hainbat sektoretan izan dezakeen eragin positiboa nabarmendu du SaludFestival sariketako epaimahaiak. Espainian milioi bat pertsona inguruk du ikusmen murriztua. Horiek egunerokotasunean dituzten zailtasunak norberak bere azalean bizitzeko aplikazioak ematen duen aukerak, gaixoenganako sentsibilizaziorako tresna paregabe bihurtzen du Adaki Komunikazioren aplikazioa, epaimahaiaren iritziz. Espainiako 400 komunikazio eta publizitate agentziak baino gehiagok parte hartu dute sariketan, eta, besteak beste, Espainiako Iragarleen Elkarteko zuzendariek osatu dute epaimahaia.

Erakundeen babesa
Ikusmen Murriztua Dut VR sakelakorako aplikazioak oso harrera ona izan du gizartean, eta hainbat erakundek babestu dute dagoeneko proiektua: Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako hainbat udalek, Real Sociedad erakundeak, Donostia Ospitaleak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, oftalmologia alorreko profesionalak, ikertzaileak…

Hainbat ikastetxek eta gizarte eragilek ere jardunaldi bereziak antolatu dituzte sakelakorako aplikazioa erabiliz ikusmen murriztua duten pertsonen egunerokotasuna lehen pertsonan ezagutzeko: Villabonako Zubimusu Ikastola, Irungo Plaiaundi ikastetxea, Lilaton lasterketa, Hegalak zentroa, Forum Gipuzkoa Solidaria…

Begisare elkartea 1997an sortu zuten, ikusmen murriztua duten pertsonek haien gaixotasunei erantzuteko zituzten hainbat gabeziari erantzun asmoz. Erretinosi Pigmentarioaren inguruan gizartea informatzea eta sentsibilizatzea da Begisareren helburua; bidenabar, gaitz honek eragindako guztien bizi-kalitate egokia erdiesten lagunduko duen ikerketa genetikoaren inguruan sinergiak batzea. Orain lau urte Ikusmen Murriztua Dut proiektua sortu zuen, gaitz hau duten pertsonen egunerokotasuna gizarteratzeko. Urte hauetan guztietan hainbat dinamika eta egitasmo egin ditu, tartean Ikusmen Murriztua Dut VR app-a.

Aplikazioa Android eta Iphone plataformetan dago eskuragarri, eta dagoeneko 800 deskarga baino gehiago izan ditu. Adaki Komunikazioak Akting eta Donosti Frame enpresen laguntza eta aholkularitza jaso du Ikusmen Murriztua Dut VR aplikazioa garatzeko. “Oso eskertuta gaude jaso dugun laguntzagatik. Profesionaltasun handiz lan egin dugu, eta lortutako emaitza da horren isla”, adierazi dute Adaki Komunikaziotik.

 

Ez dago iruzkinik

Iruzkin bat argitaratu