Diseinu alemaniarra: diseinuaren iragana eta oraina

Diseinu alemaniarrak diseinuaren iragana eta oraina adierazten du. Eraginkortasuna eta influentzia esan nahi du, funtzionaltasunaren eta argitasunaren arteko oreka bat da. Ez da inoiz izan zerbait abstraktua, ezta arau zehatz batzuen multzoa ere, eta beti egon da gizartearen, garapen ekonomikoaren eta inguru kulturalaren bilakaerari lotuta.

Adakiko kide batek diseinu alemaniarrari buruzko erakusketa izugarri interesgarri bat ikusteko aukera izan du DOHA-ko (Qatar)  “Al Riwaq Exhibition Center“-ean. Erakusketa denboran zeharreko bidaia bat da, 60. hamarraldian hasi eta gaur egunera artekoa. Bertan garai bakoitzaren ezaugarrien eta diseinuaren arteko garapena ikusi daiteke.

60-70 hamarraldiak: Garapena. Gerra ondorengo garaietan eta 60. hamarraldian tendentzia berri batzuk sortzen hasi ziren, bizitza modernoarekin eta etorkizunarekin lotura zutenak. Herrialdeak garai haietan bizi izan zuen garapen ekonomikoari esker, erosteko ahalmenak ere gora egiten du, eta horrekin kontsumitzeko eta bidaiatzeko desioak. Guzti honek eragin nabarmena eta berehalakoa izango du diseinuaren alorrean ere. Teknologia alorrean emandako garapenak ere pauso garrantzitsua suposatuko du, batez ere “ilargira egindako bidaiak”. Eta ez diseinuaren munduan bakarrik, baita modan edo arkitekturan ere, besteak beste. Garapen honi esker material eta forma berriak iritsiko dira diseinuetara.

70. hamarralditik 80. hamarraldiko erdialdera: Egitura berriak. 70. hamarraldiaren hasieran garapen ekonomikoak geldialdi bat bizi du. Indibidualismoak ondorio latzak ekarriko ditu, tartean trafikoaren eta kutsaduraren gorakada edo asfaltuzko zonalde handien sorrera. Horregatik, momentu honetatik aurrera, hiri antolaketari eta garraioari dagokionean garapen bide berri modernoagoak iritsiko dira. Erabili eta bota ideia ere indarra galtzen hasiko da, eta kontzientzia ekologikoa eta soziala lehen planora pasako dira. Garai honetan, garapen elektronikoa indartsu sartuko da gizartera, eta gaur egunera iritsiko den munduaren hasiera suposatuko du.

Hamarraldi honetan diseinuan eragin zuzena izango du kirol ekitaldi garrantzitsu batek: 1972ko Municheko Joko Olinpikoak. Garai haietan oparitarako balio zuten 300 artikulu baino gehiago diseinatu ziren, denak jokoetako irudi korporatiboan oinarritutakoak. Itxura jolaskoi eta alai baten arabera disenatuta zeudela zirudien, baina diseinu korporatiboan guztiz oinarrituta zeuden.

2000. urtetik gaur egunera: Eraldaketa: Milurteko berriarekin batera, Europa batu bat iritsiko da, txanpon bateratu batekin, eta peajeen desagerpenarekin. Hau da, askatasuna iritsiko da, pertsonengana, gauzetara eta zerbitzuetara iristeko askatasun osoa. Guzti honek iraultza ekarriko du produkzio bideetara, eta Internetarekin komunikazioaren alorrera iritsiko da iraultza hori.

Ikusi diseinu alemaniarraren bilakaerari buruzko argazkiak eta Porsche 918 Spyder autoaren soinuak jasotzen dituen bideoa:

 

Ez dago iruzkinik

Iruzkin bat argitaratu