Hiru urrats cookien legea abian jartzeko

Webgune bat kudeatzen baduzu, honezkero entzungo zenuen ezaguna egin den cookien lege berriaren inguruko albisterik. Baina, zer da zehazki cookien lege hau? Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuen 22.artikuloko bigarren atala besterik ez da; bertan cookiak erabiltzen dituzten webgune guztiek aldez aurretik erabiltzailearen onarpena behar dutela dio.

Erabiltzaileen pribatutasuna babestea helburutzat duen lege europar hau martxan jarri aurretik, Espainiako legeriak zioen cookien erabilerari buruz informatu beharra zegoela, inolako baimenik eskatu gabe.

Zer dira cookiak eta zertarako erabiltzen dira webguneetan

Cookie bat webguneak igortzen duen fitxategi bat da, erabiltzaileen gailuetan deskargatzen dena euren informazioa metatzeko eta berreskuratzeko. Cookie mota desberdinak daude eta legeak honakoei eragiten die: analitikoak, publizitatekoak eta jarraipenekoak. Adaki Komunikazioak eginiko webgune guztietan analisiak egiteko jarraipen eta neurketa tresnak erabiltzen ditugu erabiltzailearen esperientzia eta gure zerbitzuak hobetze aldera; horretarako, beharrezkoa da cookie hauen erabilera.

3 urrats lege berri hau abian jartzeko

1. Webgunearen jabeak edo kudeatzaileak cookien politikaren inguruko informazioa eman behar du.

2. Webgunearen jabeak erabiltzailearen aurretiko onarpena jaso behar du edozein fitxategi instalatzeko. Ez da beharrezkoa erabiltzaileak zerbait egitea, izan ere nabigatzen jarraitzen badu inplizituki uler genezake aurrera jarraitzeko baimena ematen duela.

3. Webgunearen jabeak cookien politika zehazki azaltzen duen orrialde batera esteka sartu behar eta baita nabigatzaile desberdinetatik cookie hauek baztertzeko informazioa ere.